XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ESKUALDUNAK ESPAINIAN

Eskualdunak nork armetaratu dituen

Iragan Ekainaren (Garagarrilaren) azken egunetan, Eskualduna Bayona-ko eskuarazko kazetak, Espainia-ko gerlaz ari zelarik eta gerla hortan eskualdunek egiten dutena ikusirik, hau erraiten zuen:

Ez dazkigu gauza guziak oraino chuchen. Geroak emanen du erakusterat. Jakintsunek diotena, gerla hortako berrien behar bezala emaiteko, behar da dembora, il faut le recul de l'histoire.

Itz hoik, zuhur eta egoki-egokiak zidurizkigun; huna zerengatik.

Egun, Frantzia-ko churi deituek eta bereziki Frantzia aldeko eskualdun katoliku gehien-gehienek, Front Populaire delako politikaz biziki okituak eta iguinduak agertzen dire.

Eztugu guk horrezaz zer erranik.

Bakoitzak daki norbere etcheko berri : eroak bere etchean, zuhurrak neorenean baino gehiago omen daki ; hori dio atzotitz edo erran zaharrak.

Orregaitik, Frantzia aldeko eskualdunek badakite zer egiten duten Front Populaire horren kontra buru ta biotz ari direnean, eat guk errespetatzen dugu heien uste, goguo, ta egintza.

Bainan Frantzia aldeko eskualdun aunitzek, Front Populaireri dioten herra ta gorrotoak sobera eraginda ikusten dute, Espainia-ko gerlari datchikon guzia ere ; orrengatik, Espainia aldeko eskualdunak ango Frente Popular en lagun gerlan dabiltzala jakiteak, geiztotzen ditu, eta erran arazi, anai haien kontra, ele gogor eta samingarriak.

Bizkitartean, oroitu behar lukete atzotitz hura, ta erran : Espainia-aldeko eskualdunek, guk baino obeki dakite beren etcheko berri ; eztire aur, eztire ero eta giristino on dire; zerbeit arrazoin badukete Espainia-ko fachisten kontra odolaren ichurtzeragino ari izaiteko ; gagozin beraz ichillik ; errespeta dezagun artu duten asmo ta erabakia

Hori erran nahi zuen ekaineko Eskualdunan iskribatu zuenak ere: Ez dazkigu gauza guziak oraino chuchen, Geroak emanen du erakusterat. Jakintsuek diotena, gerla hortako berrien behar bezala emaiteko, behar da dembora, il faut le recul de l'histoire.

Itz hoik zuhur eta egoki-egokiak didurizkigula erran dugu gorago: egokiak eta errepetitu beharrekoak, zerren ahantziak baitituzte Frantzia aldeko eskualdun aunitzek, Espainia aldekoen kontra ain , itsuki ta neurri gabe ari izaiten direnean.

Eta neurri gabeko kontrakeri hortan, Eskualdunako bereko bertze iskribatzalle bat (S.A. izena) ari izan zaiku, oraintsu.

Burulla-ren 3-garren eguneko Eskualdunan agertu du S.A.-k kontrakerizko lakirio hori ; eta asi goi-burutik eta azken itzetaraino, Espainia aldeko eskualdunak jo, iraindu, ta zapatu bertzerrik eztu egiten.

Ikus, S.A.-k nola asten duen bere iskirioa.

Euzkaditarren egitatea bide da, Espainiako saltsa hortan, gauzarik deithoragarriena. Egiaz, alainan, gauza deithoragarria ez den, batzuen ametsa gatik, zombaiten itsumendua dela kausa, munduko eskualde ederrena, Eskual-Herriko choko aberatsena itsuski baita erhautzia, odol eta sutan emana?

Batzuen ametsa-gatik, zombaiten itsumendua dela kausa... gertatu omen dira kalte izigarri hoik ; hori dio S.A.-k. Mussolini, fachisten jainkozunak, errana omen du : Gezurrik aundiena ere baldin 40 aldiz errepetitzen bada, azkenik egi itzultzen da.

Hori gertatu da S.A.-k dion hortzaz ere: fachistaren batek erran zuen, eskual-maltatzaileek armen eskuetaratzea, hoien aitzindarien ameskeri bat zela : gero, errepetitu dute bertze fachista aunitzek, eta azkenik, fachista ta hoien adiskide guziek, egi-egitzat emaiten dute.

Bainan hor ere, Eskualdunako bertze iskribatzaile zuhurraren itzak gogora-araziko ditugu : Ez dazkigu gauza guziak oraino chuchen...

Eskual-maitatzalleak eta Gipuzko-Bizkaietako eskualdun gehien-gehienak fachisten kontra altchatzea, aitzindari batzuen ametsagatik izan zela erraitea, ezta egia beraz. Ona emen zer gertatu zen :

Millitar fachistak, Madrileko Gobernuaren kontra altchatu zirenean, eskual-maitatzaileen agintariak, begiramendu ta kontu aundiz ari ziren, bai beren itzetan ala beren egintzetan.

Beraz, etzuten agertu, ez gutiagorik ere, neork armarik eskuetaratu bear zukeen usterik ez gogorik.

Bainan fachistak, nagusitu ziren tokietan asi ziren, leenik mila aldiz errana zuten bezala, eskual-maitatzaileen kontra eriotze, ohointze ta beste kalte guzien egiten.

Gaiztakeri hoik, izitu zuten jende guzia ta oroen buruetan etzen bertze gogo ta pentsamendurik, ahal zitekeen obekien eta azkarren (fiteen), defentza bideak eskuratzea baizik.

Gauzak hola, Donostian, militar eta fachistak, agertu ziren Gobernamenduaren kontra; ango gudari-etche (kaserna), karrika ta etche batzuetatik, asi zirena tiro-tiroka...

Gipuzkoako Gobernadoreak galde bat egin zuen radioz (tezefez), Gipuzkoa guziko gizonak presentatu zitezila, bakoitza bere Iri-etchean (Merian) eskuratu itzaketen armarik oberenekin...

Galde orreri lardetsiz, Gipuzkoako eskual-maitatzaile arteko mutil eta gizon gehienak, presentatu ziren, fite, aurkitu ahal ukan zituzten armekin, Iri-etcheetarat; eta jadanik, atera ziren aitzindariek agindu tokietara, beren biziaz, aldeen biziak eta etcheko ontasunak defenditzen.

Gipuzkoako semerik leialenak (gero, arabera Bizkai-koek) etzituzten, beraz, armak eskuetaratu, batzuen ametsa gatik, eskual-maitatzaileen buruzagien ametsa gatik, ez; erria (populua) militar-fachisten mehatchu ta tzarkeriak ikusi-ta, berez, bere baitaz altchatu ta armetaratu zen; eta eskual-maitatzaileen buruzagiek, erriak bere gogoa sutsu ta garrazki agertu ta gero parte artu zuten; erriaren asarre bizia zuzendu, arteztu ta burubidezkotu bertzerik etzuten egin buruzagiek.

Eskualdunen altchatze hori etzen, beraz, buruzagien ametsek eragina ; erriaren, populuaren, barnetiko igitze ta mugitzapen geldi-arazi ezin bat baizik.

Au da egia, au da egi saindua... Bainan alperrik ari gera mendiz unaindiko eskual-iskribatzalle batzuendako ; hoiek ezpaitiote sinesten araindiko anairik eskualduneneri (eskual-maitatzaileeri), eta bai ango eskualdunen eta Eskual-herriaren etsairik gaitz, amorratu ta errabiatueneri.

DONIBAN-EKOA.